XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kinto aldetik

USAIAKO berrietaz kanpo, deus berriagorik ez delakotz agertzen kaseta huntan, horrek erran nahi ote du, Aldude, Esnausu eta Urepele eskualdean ez dela deus berri haundirik iragaiten? Ez, eta urbiltzekorik ere! Hemen gertatzen dena, usaiaz kanpoko berri emailerik ez izaitea.

Aldi huntako berriak, eskualde huntako gazten berriak izanen dira.

Hiru herri pollit hok, urte guziz beren gaztetaz pirka pirka bezala husten ari dira... bainan halere hogoi ta bizpahiru urte artinoko gazteria, pollita da.

Eta ez daude elgarren artean deus muntatu gabe.

Eskual-teatroa

Urepeldar-Esnasuar eta Aldudar gaztek elgarrekin muntatu dute aurten ere beren urteko teatroa.

Aurten hautatu duten teatro lana: Herriko bozak izan da.

Alduden eguberriz eman zuten, eta jendalde ederra jin zitzaioten beren ikusgarriaren, ikus eta entzutera.

Urtarrilaren 5ean, berriz eman zuten Alduden berean.

Urepeletik 30an nahi zutenentzat ere, Pierrot Garakoetxeak egin zuen bere otokarrarekin Urepeleko joan jina.

Eta orai ihauteritako bakantzetan, nik uste Urepelen berean emaiteko idea duten.

Hemen emaitea Alduden baino nekeago zaiote, Urepelen ez baitute salarik.

Karatotxak

Azken aldikotz, 62-an eta 63an egin ziren karatotxak Urepelen - Aurten, 1969an berriz muntatuko dituzte.

Zer dira karatoxak? Espaiñol hitzak maskatua erran nahi du, bainan ez dira maskatuak ibiltzen, baizik xuritan ederki apindurik eta bonet gorritan.

Amabi dantzari eta, soinulari bat, horra Urepeleko karatoxak.

Herriko auzo guzitako etxe geienak egiten dituzte, nun ez diren sobera urrun.

Etxe aintzinetan, dantzaldi bat edo bertze eman sari, etxekoek zerbait janari eta diru poxi bat ordaintzen diote.

Gisa hortan zerbait airostasun emaiten dutela Herrian, ez da dudarik.

Gero, beren denbora bururatzen dute karatoxek, ihauteriz bazkari ta afari eder bat eginez.

Urepelen igande-aratsaldeak

Urepelen nola pasatzen dituzte ba, gaztek beren igande aratsaldeak? Joan diren bizpahiru ilaite huntan, gazteak biltzen dira koloniako edo eskolako barne batean.

Berek berendako polliki apaindua duten barena gainera.

Joaiten bazira igande aratsalde batez, gazte horien artera, ikusiko dituzu zonbait dantzan ari diska batzuen soinuan; beste batzu dantza ikasten ari; eta dantzan arizanik akituak direnak aldiz, alki batzuetan jarririk elgarrekin solasean.

Horrela igande aratsaldeak airoskiago iragaiten dituztela eta elgarren artean zerbait adixkidantza sortzen dela, ez da dudarik.

Biba gazteak.

Geroari buruz ere, nik uste zonbait ez diren asmo edo xede eskasetan.

Bainan gerokoak gero, eta bestaldi bat artio!

Gexan LANTZIRI.